Euskadiano

Eztabaidarako sortuta, gabeziak kitatzeko, ez orijinala agian. Ondo hartu dezagun. Erderaz irakurtzen ere badakigu. Gorbeia mendiaren ingurutik, kaixo!

Thursday, December 08, 2005

Durangoko Azokan


Bolo-boloka zebilen jazoera Durangoko azokan zehar. Politikoen eguna omen zen gaurkoa. Punta batean, Patxi Zabaleta. Beste punta batean Xabier Arzalluz eta Arnaldo Otegi, hirurak beraien liburuak sinatzen. Tira, azken bien kasuan beste batek ala batzuek beraientzako eginiko liburuak.
Une jakin batean altxatu egin dira, eskua eman eta liburuak oparitu egin dizkiete elkarri Arzalluzek eta Otegik, dedikatoria eta guzti. Normalizazio politikorako beste urrats bat ote?

Tuesday, December 06, 2005

Arreta erakartzeko modu asko daude


Bonba legerketak izan dira gaur Euskadin, Madrilen eta Santanderren. Konstituzio eguna "ospatu" nahi izan omen du ETA erakunde armatuak. Bizirik daudela erakutsi nahi izan dute. Bidebatez, orain urteak erreferente izan ziren lagun batzuk kaleratu egin dituztela jakinerazi dute. Estatuan jai eguna den honetan lan handia egin dute, ze arraio!.
Bake prozesuaren atarian bagauden ala ez eztabaidatzen dihardute komunikabideetan. Atarian ala atariko bidean, atariko bidean ala atarirako bidea topatu nahian. Baldintzak elkarri ezartzen aritu izan dira eragile politikoak. Hori bai, metodologian nolabaiteko akordioak badaudela esan daiteke. Mahai bi izango direla inor gutxik jartzen du zalantzatan. ETAk protagonismo politikoa galtzera kondenatuta dago Anoetako aldarrikapenaz geroztik. Beraien eztabaidagaiak armak, presoak eta errefuxiatuak. Euskadiko etorkizuna beste batzuen kontua da.
Mindu egin nau puntu honetara orain iritsi izanak. 1998an Lizarra-Garazi prozesua abian zenean ETA erakundeak ez zion uko egin bere protagonismo politikoa izateari. Honela, aitapontekoarena egiten, prozesua ondo ala gaizki joaten zen kalifikatu egiten zuen. Prozesuaren nolabaiteko "garantea" izan zen ETA. Inpazientziak jota edo, bertan behera utzi zuen prozesua menia hautsi izan zuenean. Ondorio ugari izan zuen mugimendu hark: Batasunaren porrot elektorala, Ibarretxeren garaipena, Imazena EAJaren baitan,...
Orduan abertzaleekin egin ez zuena egingo omen du orain ETAk Estatuarekin. Bide erditik kenduko da eta indar politikoei utziko die bidea. Oraingo prozesuan ez omen du "garante" lanik egingo. 1998an halaxe jokatu izan bazuten...
Nolanahi ere, ez du oraindikan protagonismoa galdu nahi ETAk. Bizirik daudela frogatu nahi dute. Ez daudela garaituta erakutsi nahi diote beraien jendeari eta munduari. Kilo bat lehergai jartzen duena hamar kilo jartzeko gai da. Eta gaur abixua badago baliteke bihar abixurik ez izatea.
Hala ere, kontu hauek iraganekoak dira. Noiz arraio pasatuko gara pasatu beharreko hurrengo fasera? Zergatik ez dute benetako arreta erakartzen armak betiko ixilarazten? Hori gertatuko den egunean arreta erakarri egingo dute, zalantzarik gabe!

Sunday, December 04, 2005

Raxoiren istripua


Zenbat izan gara helikopteroa beherantza ikusi dugunean pentsamendu bihurria izan dugunak? Asko, onar dezagun. Badakit zer esango duzuen, gaizto horiek!! Edukazio txarrekoa da honelako pentsamenduak izatea. Badakit arerioarekiko nolabaiteko fair play izan behar dela. Baina onartuko didazue PPkoek ez dutela inolako kupidarik agertu bereak ez direnekiko.
Ahaztu egin dugu PPko parlamentari batek Lehendakaria popatik hartzera bidali zuenean? Ahaztu egin ditugu Iturgaitz eta Mayor Orejaren gezurrak? Ahaztu egin dugu PP boterean egon zenean euskal kontuen kontra gauzatu zen kanpainia zikina? Euskadin ez dago gaizki ikusia Alderdi Popularrari mota guztietako bilaukeriak aurpegiratzea. Gizatasun handia behar da, gertatua gertatu, Raxoi eta Agirrerekiko desio onak izatea. Edo hoztasuna. PPkoak behar ditugu Euskadin. Alderdi Popular indartsua behar dugu, benetan diotsuet. Zenbat eta indartsuago popularrak, orduan eta sendoago gutarrak. Arrazoi biengatik, poztekoa izan da istripuak ondorio larririk ez izatea, alafede!