Euskadiano

Eztabaidarako sortuta, gabeziak kitatzeko, ez orijinala agian. Ondo hartu dezagun. Erderaz irakurtzen ere badakigu. Gorbeia mendiaren ingurutik, kaixo!

Tuesday, December 06, 2005

Arreta erakartzeko modu asko daude


Bonba legerketak izan dira gaur Euskadin, Madrilen eta Santanderren. Konstituzio eguna "ospatu" nahi izan omen du ETA erakunde armatuak. Bizirik daudela erakutsi nahi izan dute. Bidebatez, orain urteak erreferente izan ziren lagun batzuk kaleratu egin dituztela jakinerazi dute. Estatuan jai eguna den honetan lan handia egin dute, ze arraio!.
Bake prozesuaren atarian bagauden ala ez eztabaidatzen dihardute komunikabideetan. Atarian ala atariko bidean, atariko bidean ala atarirako bidea topatu nahian. Baldintzak elkarri ezartzen aritu izan dira eragile politikoak. Hori bai, metodologian nolabaiteko akordioak badaudela esan daiteke. Mahai bi izango direla inor gutxik jartzen du zalantzatan. ETAk protagonismo politikoa galtzera kondenatuta dago Anoetako aldarrikapenaz geroztik. Beraien eztabaidagaiak armak, presoak eta errefuxiatuak. Euskadiko etorkizuna beste batzuen kontua da.
Mindu egin nau puntu honetara orain iritsi izanak. 1998an Lizarra-Garazi prozesua abian zenean ETA erakundeak ez zion uko egin bere protagonismo politikoa izateari. Honela, aitapontekoarena egiten, prozesua ondo ala gaizki joaten zen kalifikatu egiten zuen. Prozesuaren nolabaiteko "garantea" izan zen ETA. Inpazientziak jota edo, bertan behera utzi zuen prozesua menia hautsi izan zuenean. Ondorio ugari izan zuen mugimendu hark: Batasunaren porrot elektorala, Ibarretxeren garaipena, Imazena EAJaren baitan,...
Orduan abertzaleekin egin ez zuena egingo omen du orain ETAk Estatuarekin. Bide erditik kenduko da eta indar politikoei utziko die bidea. Oraingo prozesuan ez omen du "garante" lanik egingo. 1998an halaxe jokatu izan bazuten...
Nolanahi ere, ez du oraindikan protagonismoa galdu nahi ETAk. Bizirik daudela frogatu nahi dute. Ez daudela garaituta erakutsi nahi diote beraien jendeari eta munduari. Kilo bat lehergai jartzen duena hamar kilo jartzeko gai da. Eta gaur abixua badago baliteke bihar abixurik ez izatea.
Hala ere, kontu hauek iraganekoak dira. Noiz arraio pasatuko gara pasatu beharreko hurrengo fasera? Zergatik ez dute benetako arreta erakartzen armak betiko ixilarazten? Hori gertatuko den egunean arreta erakarri egingo dute, zalantzarik gabe!

0 Comments:

Post a Comment

<< Home