Euskadiano

Eztabaidarako sortuta, gabeziak kitatzeko, ez orijinala agian. Ondo hartu dezagun. Erderaz irakurtzen ere badakigu. Gorbeia mendiaren ingurutik, kaixo!

Saturday, April 01, 2006

Debekatzen ez goaz inora


Su etena aldarrikatu baino lehen egin zen manifestaziorako deia. Askok esaten zuten manifestazioa ETAk eman beharreko su etenari babes politikoa emateko konbokatu izan zela. Eta halaxe zen. Ustezko sekretuaren jakitun ziren euskal eragile asko.
Josu Jon Imazek esan izan zuen manifestazioaren berri izan eta berehala berak ez zuela parte hartuko manifestazio baten indarkeria kondenatzen ez dutenekin. Hau entzunda, nire buruari galdetzen nion ia Imazek bazekien zertarako konbokatzen zen manifestazioa. Are gehiago, "indarkeria kondenatzen ez duten" horiekin manifestari hamaika aldiz ibili izan denean.
Honez gain, ez dakit nik manifestaziotan askotan parte hartu izan duen Josu Jon Imazek. Euskadin, onartu ala ez, oso gutxi dira indarkeri guztiak kondenatu egiten dituztenak. Franco, GAL, BVE, ETA eta abar luze bat ibili izan da indarkeria erabiltzen azken urteotan. Eta politikan dabiltzan gehienok indarkeri bat baino ez dute kondenatzen, gainontzekoak Estaduaren edo demokraziaren defentsan egin beharrekoa direlakoan.
Hortik egun gutxira su etenaren iragarpena kaleratu zen eta bestelako mezua hasi zen zabaltzen, Urkulluren ahotik, batipat. EAJren alternatiba independentista eratzen hasia zen manifestazio honen haritik. Eta are gehiago harritzen naiz. Badirudi aitzaki baten bila aritu izan direla burukide jeltzaleak eragile jakin batzuekin manifestari ez ibiltzeko. Jakina, Zapatero presidenteari fideltasuna musu truk publikoki agindu eta gero dena da posible.
Jeltzale askok ez zuten ikusten zergatik geratu behar ziren etxean larunbat honetan. Besteak beste, EGIko gazteak. Baina ez horiek bakarrik. Eta berriro kaleratu zen debekua. Era are gordinago batean. Josu Jon Imazek berak Radio Euskadin berretsi zuen jeltzaleek ez zutela manifestazioan parte hartu behar.
Hala ere, leporaino bete omen ziren Bilboko kaleak. Jeltzale asko ere bertan egon ziren. Debekuari aurre egiten.
Ez naiz izango ni erakunde baten barruko disziplina hautsi izan dutenon jokabidea txalotuko duena. Baina uste dut nik arinkeri handiz jokatu izan duten horiek sakon sakonki hausnartu beharko luketela egindakoa eta bere ondorioak. Gorputzak eskatu izan digu askori manifestaziora joatea. Eta ez joateko aginduak zapore mingotsa ekarri digu.
Batasunakoak zeuden manifestazioan, nola ez. Baina su etena aldarrikatu izanak nolabaiteko giro aldaketa ekarri beharko lukeela uste dut. Honez gainera, ELAk ere manifestaziora joateko deia egiten zuen. Elorrietak, esaterako, ezin argiago hitz egin izan du indarkeriaren kontra. Eta abertzaleon batasunaren alde. Gutako askorentzat goxoa den musika, hain zuzen.
Azkenean, ez nintzen joan. Baina ez nintzen nire buruarekin gustora geratu. Eta nire alderdiarekin are gutxiago. Malgutasunez eta intelijentziaz jokatzen jakin ez duelako.

Monday, March 27, 2006

Su etena gaur. Bakea bihar.

Urteetan egin izan dugu amets. Bakea amets hutsa zen euskaldunontzat. Azkenean, gezurra zirudiena eskura egon daiteke. Indarkeriaren arazoa konpontzeko moduan egon daiteke hemendik gutxira. Baten batek pentsatu beharko du nork egin duen egin beharrekoa bakea ekartzeko eta nor egon izan den oporretan.
Ez gaude eskerrak emateko moduan. ETAk eta bere aurka sortutako askok sufrimendu latza eragin dute gure herrian. Hori guzti hori, hala ere, iragana baino ez da gaur egun. Bada garaia aurrera begiratzeko. Lehenengo, falta diren korapiloak askatu daitezen. Gero, arazo politikoari hel diezaiogun.