Euskadiano

Eztabaidarako sortuta, gabeziak kitatzeko, ez orijinala agian. Ondo hartu dezagun. Erderaz irakurtzen ere badakigu. Gorbeia mendiaren ingurutik, kaixo!

Sunday, September 17, 2006

Ilusioa kendu egin didate


Denbora luzean egon naiz nire blog xume honi bat ere kasurik egin gabe. Izan ere, oporrak igaro eta berehala ospitalera joan behar izan nintzen gaixotasun bat dela eta. Eta badakizue ospitaleko gelatik ez dagoela blog bat zaintzeko eta elikatzeko modurik.
Egunkariak, zorionez etorri izan zaizkit. Ingurukoek nire oreka mentala zaindu nahian egunero egunero ekartzen zizkidaten egunkariak eta aldizkariak. Ahalegindu bai, baina lortu ez. Gertakizunek ez zidaten onik egiten. Ebakuntzaren ondoren ospitalean emandako denboran zehar gero eta argiago ikusten nuen sozialistak irabazten ari direla eta abertzaleak, abertzale oro, aldiz, galtzen.
Hor dauzkagu PNV eta EA elkarrekin ibili ezinda. EAkoek esango dute Imazen praxi politikoa jasangaitza egiten zaiela. Ez dira EAkoak horixe esaten duten bakarrak, PNVko asko bat datozelako iritzi horrekin, baina ez dut uste nik abertzaletasunik soberanistena irabazle aterako denik erabaki honen ondorioz. EA oso alderdi ahula da eta zoroak ere badaki datorren urteko hauteskundeetako emaitzen ondorioz hainbat udaletatik kanpo geratuko direla.
Askoren alternatiba eta itxaropena zen Aralar espainola den Ezker Batuarekin batera joango da Euskal Elkarte Autonomoan. Nafarroan ez bezala, “federalismoa” aldarrikatu egiten dute EBkoek. Aldarrikatu bai, baina gauzatzeko ahalegin gutxi giten dituzte Madrazoren neska-mutilek.
Eta Batasuna, ai Batasuna! Dena di-da lortuko zutela espero eta argi baino argiago dago behin eta berriro makurtu beharko direla Estatuaren aurrean. Alderdien Legea ez da aldatuko. Euskal preso politikoak hurbiltzen hasi arte denbora luzea igaro beharko da oraindikan. Eta badakite berriro borroka armatura itzultzeak kalte gehiago onura baino ekarriko liekeela. Ez daukate beste biderik hasitako ibilbideari jarraitzea baino, horrek dakarzkien zauri eta orbain guztiekin. Zein da alternatiba, bestela?
Bitartean, Zapatero irrifartsu dago. Badaki bere “talantea” nagusitzen ari dela euskal arazoari dagokionez. Gehiengoa osatzen duten abertzaleak zatituta daude, nor bere zilborrari begira. Badaki Euskadin alderdi txikia izan arren, hari gehienak bere eskuan dauzkala eta ondo mugitu ezkero funtzio osoa bere nahiaren arabera errepresentatu egingo dela. Herri honen gehiengoaren nahiaren aurka. Auskalo botikak ilusioa kendu egin ez ote didan!