Euskadiano

Eztabaidarako sortuta, gabeziak kitatzeko, ez orijinala agian. Ondo hartu dezagun. Erderaz irakurtzen ere badakigu. Gorbeia mendiaren ingurutik, kaixo!

Sunday, March 05, 2006

Amortizatuta?


Gero eta argiago ikusten dut Ibarretxe Lehendakaria ez dela bere funtzioa behar bezala egiten ari. Begirune handia diot, benetan, hortan ez daukat dudarik. Zoritxarrez, euskal politikaren ardatzetik gero eta urrunago ikusten dut Ibarretxe.
Gogoan izan dezagun Estatutu Berria onartu zen garaia. Bera zen iniziatiba politikoa eraman egiten zuena. Berak erabakitzen zuen zer egin eta nondik ibili. Konpara dezagun orduko egoera oraingoarekin. Predikatzen dabil han hemenka Lehendakaria, baina iniziatibarik hartu gabe. Bera zen orduan kritika guztiak jaso egiten zituena. Kritikek gero eta indartsuago egiten zuten. Eta bere kontrako kritikek sekulako indarra ematen ziguten abertzaleei berarekin batera egoteko. Horren ondorioz 2001eko emaitzak etorri ziren.
Orain, berriz, kritikak gero eta gutxiago dira, baina efektibitate handiagoa daukate. Gogoan izan dezagun, besteak beste, alderdien mahai afamatuari buruzko kontuak. Patxi Lopezek ez zuen inondik inora Lehendakaria ikusi mahai horren buru. Denok uste genuen bere alderdiak gogor egingo zuela Lehendakariaren alde, mahaiaren burua Lehendakaria baino ezin dela izan azpimarratuz. Nor izan behar da, baina, euskal alderdien burua Lehendakaria ez bada?
Ba ez. Josu Jon Imazek aitortu egin zuen hortik egun gutxira ez zutela borrokatuko mahaiaren presidentzia eskuratzeko. Beste modu batean esanda, ez dute borrokatuko Lehendakariaren alde. Babes ederra euskal politikorik apreziatuenari ematen diotena! Lehendakaria bera agertu zen hortik gutxira era ezezagun batean: etsituta. Beti uste izan genuen Ibarretxe politiko borrokalaria zela, baina uste dut nik dagoeneko ikusi duela bere alderdiaren buruek bakarrik utzi dutela. Babesik gabe dabil dagoeneko. Eta ikusi beharko da egoera honek atzerabueltarik badaukan.
Ez da harritzekoa, bada, beste jaun bat bere burua hurrengo Lehendakaria izateko proposatzen dabilela jakin izana. Bere garaian, ahalguztiduna den beste batek amortizatuta ikusten zuen Ibarretxe. Orduan ez zeukan arrazoirik. Gaur egun, asko dira Ibarretxe erdigune politikotik atera nahi dutenak. Eta, zoritxarrez, badirudi oraingoan Ibarretxe berak ikusten duela bere burua amortizatuta.