Euskadiano

Eztabaidarako sortuta, gabeziak kitatzeko, ez orijinala agian. Ondo hartu dezagun. Erderaz irakurtzen ere badakigu. Gorbeia mendiaren ingurutik, kaixo!

Sunday, December 03, 2006

Jokoz kanpo


Osasun kontuak direla eta berriro egon izan naiz ospitalean. Osasuna baino gauza inportanteagorik ez omen dago. Horixe esaten zigun ama difuntuak.
Hori kontraesana! Osasuna inportante baino inportanteagoa da, baina badaude bestelako kontuekin burua nekatu egiten dutenak. Gaur egungo gure herrian, batzuentzat, futbola baino gauza inportanteagorik ez omen dago. Athletic eta Errealaren egoera makalak zer pentsatzerik ematen du. Alaves, Osasuna, Bilbao Athletic eta Eibar ere ez daude dantza egiteko moduan.
Nik uste nuen kirol profesionala dibertimendua baino ez zela. Eta ez. Goi mailako politikariek futbolari buruz beraien iritzia plazaratzen hasiko direlakoan nago, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak egin izan duen bezala.
Athletic-en horrenbeste gauza ez dira behar bezala egin. Halaxe diote adituek. Akatsak izan dira. Seguru. Baina Athletic-n barruan erabakiak hartu dituztenak ez dira izan zerutik etorritako aingeruak. Ahaldun Nagusiaren inguruko baten bat ere egona da okerreko erabakiak hartu diren lekuan. Beraz, nire buruari galdetuko nioke zerk bultzatu duen Ahaldun Nagusia plazara Athletic-i buruzko bere galderak egitera. Erantzunik ez du ematen Bilbao jaunak. Ez dauka erantzunik edo beldurra ematen dio bere errezetak plazaratzea?
Bide arriskutsua zabaldu du Jose Luis Bilbao jaunak. Ikustekoa izango litzateke beste politikoak bide berdinetik jarraitzea. Eta kontrakoa ere bai: futbolariak politikari.
Plazaratu dezala Gonzalez de Txabarrik Errealaren egoerari buruzko bere diagnostikoa. Edo Zubiaurre kasuaren ingurukoa. Eta esan dezala Adurizek zer pentsatzen duen Artazako erradarrari buruzo bere iritzia. Eta Urzaizek esan dezala zer pentsatzen duen Bizkaiko zerga erreformari buruz. Berdintasunaren izenean. Denok daukate populismo merkea egiteko eskubidea. Ezaguna izateko eta burua ateratzeko egin behar dena, Jaungoikoa!