Euskadiano

Eztabaidarako sortuta, gabeziak kitatzeko, ez orijinala agian. Ondo hartu dezagun. Erderaz irakurtzen ere badakigu. Gorbeia mendiaren ingurutik, kaixo!

Saturday, February 24, 2007

Benetako aurpegia erakusten


Atzo etorri nintzen Ospitaletik bueltan. Etzi, Asteartean, berriro egingo didate beste osasun froga bat. Ez daukat ezer egiteko gogorik, baina nola ez zeozer esan Gipuzkoako hautagai jeltzalearen inguruan sortutakoari buruz?

1.- Gezurra esan izan zuen SER irrati kateak. Zorioneko sei etxe horiek deklaratuta dauzka Jon Jauregik

2.- Bere etxeen inguruan operazio bat burutzen ari da Jon Jauregi. Operazioa ongi bukatzen bada, hiru etxe izango ditu Jauregik hemendikan gutxira.

3.- Datuak Gipuzkoako Diputaziotik atera dira. Nahita ala berariaz, hori oraindikan argitzeke dago.

4.- Josu Jon Imazek adierazi zuen inportantea ez zela mezularia, mezua bera baino. Mezuaren edukina argitzeko bidean dagoenean, mezulariari buruz hitz egiteko aukera etorriko da. Nork, zergatik, nork aginduta eta babestuta eta ze helburuarekin.

5.- Josu Jon beraren papera ez da oso itxurosoa izan. Beste alderdi bateko hautagaia zela ematen zuen Jauregiri buruz hitz egiteko orduan. Operazioaren atzetik zegoen ala ez zuen horren begi txarrez ikusten?

6.- Seguruenik ez dut nik beste EBBko bururik ikusten nire osasun egoera dela eta, baina, nire iritziz, afera honetan izan duen jokabidea ikusita, Imaz behin betiko deskalifikatuta geratu da alderdiko buru bezala. Jeltzale danon presidentea ez da sekula izango Josu Jon.

Sunday, December 03, 2006

Jokoz kanpo


Osasun kontuak direla eta berriro egon izan naiz ospitalean. Osasuna baino gauza inportanteagorik ez omen dago. Horixe esaten zigun ama difuntuak.
Hori kontraesana! Osasuna inportante baino inportanteagoa da, baina badaude bestelako kontuekin burua nekatu egiten dutenak. Gaur egungo gure herrian, batzuentzat, futbola baino gauza inportanteagorik ez omen dago. Athletic eta Errealaren egoera makalak zer pentsatzerik ematen du. Alaves, Osasuna, Bilbao Athletic eta Eibar ere ez daude dantza egiteko moduan.
Nik uste nuen kirol profesionala dibertimendua baino ez zela. Eta ez. Goi mailako politikariek futbolari buruz beraien iritzia plazaratzen hasiko direlakoan nago, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak egin izan duen bezala.
Athletic-en horrenbeste gauza ez dira behar bezala egin. Halaxe diote adituek. Akatsak izan dira. Seguru. Baina Athletic-n barruan erabakiak hartu dituztenak ez dira izan zerutik etorritako aingeruak. Ahaldun Nagusiaren inguruko baten bat ere egona da okerreko erabakiak hartu diren lekuan. Beraz, nire buruari galdetuko nioke zerk bultzatu duen Ahaldun Nagusia plazara Athletic-i buruzko bere galderak egitera. Erantzunik ez du ematen Bilbao jaunak. Ez dauka erantzunik edo beldurra ematen dio bere errezetak plazaratzea?
Bide arriskutsua zabaldu du Jose Luis Bilbao jaunak. Ikustekoa izango litzateke beste politikoak bide berdinetik jarraitzea. Eta kontrakoa ere bai: futbolariak politikari.
Plazaratu dezala Gonzalez de Txabarrik Errealaren egoerari buruzko bere diagnostikoa. Edo Zubiaurre kasuaren ingurukoa. Eta esan dezala Adurizek zer pentsatzen duen Artazako erradarrari buruzo bere iritzia. Eta Urzaizek esan dezala zer pentsatzen duen Bizkaiko zerga erreformari buruz. Berdintasunaren izenean. Denok daukate populismo merkea egiteko eskubidea. Ezaguna izateko eta burua ateratzeko egin behar dena, Jaungoikoa!

Monday, November 13, 2006

Leialtasuna?


Ospitalean egon izan naiz berriro ere. Hor egunkariak, irratia eta telebista izan ditut. Ordenagailua, berriz, ez. Noizko ordenagailuak ospitaleetan? Nire blog gixajo hau!
Eguneroko berriak jarraitu ahal izan ditut nire ohetik: lehendakariaren kontrako prozesua, “zaharren” autoinkulpazioa, “gazteak” nola jarri ziren bestaldera begira eta abar. Zorionez ala zoritxarrez, berri hauek iraganera pasatu dira oso denbora gutxitan, Gorka Agirre pasatu zen bezalaxe. Jarraian datozen beste gertakizunek gure arreta erakartzen dute eta aurrekoak ahaztu. Ez dakigu zurrunbilo honen eraginez gai hauek berriro izango ote ditugun ala betiko ahaztuko ditugun.
Orain kale borroka eta Gonzalez Txabarriren inguruko informazioak ditugu mintzagai. Beno, uste dut nik Gipuzkoako ahaldun nagusiaren aukeraketa prozesua ez litzatekeela komunikabideetan agertu behar.
GBBren proposamena zein izango zen kaleratu egin zenean oso adierazpen politak izan ziren orain arteko ahaldunaren aldetik. Leialtasuna izango zela espero zitekeen beren adierazpen hauetatik.
Hala ere, egon izan dira egon, barne gerra piztu nahi izan duenik. Eta hori nahiko ez balitz ustez abertzaleon etsairik nagusienaren etxera joan da (dira) gezurrezko informazioekin. Zalantza bakarra daukat: proposatuak bazuen bere aldeko mugimendu hauen berri? Bazekien Diario vascora iritsiko zirela informazio intoxikatzaile hauek? Hau argitzeak neurtuko luke bere leialtasuna. Bere inguruk batzuek orian denbora asko ahaztu zuten hitz horren esanahia.

Sunday, September 17, 2006

Ilusioa kendu egin didate


Denbora luzean egon naiz nire blog xume honi bat ere kasurik egin gabe. Izan ere, oporrak igaro eta berehala ospitalera joan behar izan nintzen gaixotasun bat dela eta. Eta badakizue ospitaleko gelatik ez dagoela blog bat zaintzeko eta elikatzeko modurik.
Egunkariak, zorionez etorri izan zaizkit. Ingurukoek nire oreka mentala zaindu nahian egunero egunero ekartzen zizkidaten egunkariak eta aldizkariak. Ahalegindu bai, baina lortu ez. Gertakizunek ez zidaten onik egiten. Ebakuntzaren ondoren ospitalean emandako denboran zehar gero eta argiago ikusten nuen sozialistak irabazten ari direla eta abertzaleak, abertzale oro, aldiz, galtzen.
Hor dauzkagu PNV eta EA elkarrekin ibili ezinda. EAkoek esango dute Imazen praxi politikoa jasangaitza egiten zaiela. Ez dira EAkoak horixe esaten duten bakarrak, PNVko asko bat datozelako iritzi horrekin, baina ez dut uste nik abertzaletasunik soberanistena irabazle aterako denik erabaki honen ondorioz. EA oso alderdi ahula da eta zoroak ere badaki datorren urteko hauteskundeetako emaitzen ondorioz hainbat udaletatik kanpo geratuko direla.
Askoren alternatiba eta itxaropena zen Aralar espainola den Ezker Batuarekin batera joango da Euskal Elkarte Autonomoan. Nafarroan ez bezala, “federalismoa” aldarrikatu egiten dute EBkoek. Aldarrikatu bai, baina gauzatzeko ahalegin gutxi giten dituzte Madrazoren neska-mutilek.
Eta Batasuna, ai Batasuna! Dena di-da lortuko zutela espero eta argi baino argiago dago behin eta berriro makurtu beharko direla Estatuaren aurrean. Alderdien Legea ez da aldatuko. Euskal preso politikoak hurbiltzen hasi arte denbora luzea igaro beharko da oraindikan. Eta badakite berriro borroka armatura itzultzeak kalte gehiago onura baino ekarriko liekeela. Ez daukate beste biderik hasitako ibilbideari jarraitzea baino, horrek dakarzkien zauri eta orbain guztiekin. Zein da alternatiba, bestela?
Bitartean, Zapatero irrifartsu dago. Badaki bere “talantea” nagusitzen ari dela euskal arazoari dagokionez. Gehiengoa osatzen duten abertzaleak zatituta daude, nor bere zilborrari begira. Badaki Euskadin alderdi txikia izan arren, hari gehienak bere eskuan dauzkala eta ondo mugitu ezkero funtzio osoa bere nahiaren arabera errepresentatu egingo dela. Herri honen gehiengoaren nahiaren aurka. Auskalo botikak ilusioa kendu egin ez ote didan!

Thursday, July 20, 2006

Aiesa jaunarenak ez dauka ez hanka ez bururik


Aiesa jauna iparra galduta dabil. Asteak eman izan ditu ustez ETAk bidalitako gutun batzuen inguruan komunikabideetan agertzen. Hori bai, ez du inork gutun afamatu hauek ikusi. Poliziak ere ez, antza. Berak baino ez daki ETAren su-etena gezurrezkoa dela. Esaten duena frogatzeko, aldiz, ez du ezer egiten. Bake prozesuaren kontrako submarinoa baino ez dela uste dut nik. Politikoki dabil jokatzen eta ez Nafarroako enpresa gizon-emakumeen alde.
Orain egun pare bat beste aurrerapausu bat eman izan du bake prozesuaren kontrako bere gurutzada horretan. Ez du nahi Aiesa jaunak prozesurako bere dirua erabiltzea. Suposatzen dute Aiesa jaunak eta inguruan dauzkan beste batzuek, dirua gastatu beharko duela Estaduak indarkeriaren arazoa konpontzeko. Eta ez dute beraien zergetatik ateratako dirua kontu horretan gastatzea. Eta zer egingo dute enpresari konstituzionalista horiek Estaduak hala joka ez dezan? Iruzurra fiskala? Intsumisioa? Ikustekoa izango litzateke.
Ez dauka ez hanka ez bururik Aiesa eta bere monagiloen jarrerak. Prozesua aurrera joango da, Aiesa jaunaren babesarekin ala bere babesarik gabe. Eta hiritarrok nahiago dugu gure zergetako dirua gastatzea odol isurketa gehiago jasatzea baino. Diru hori primeran erabilitakoa izango litzakeela uste dut.

Wednesday, July 19, 2006

Rouco versus Uriarte

Edo Cañizares versus Setien. Berdin dio. Geure burua katolikotzat dugun euskaldunik gehienok ez gaude bat ere eroso eskuin muturreko Rouco eta Cañizares kardinal espainiarrekin; alegia, ez ditugula jotzen geure nagusitzat. Uriarte eta Setien bai, ordea. Arrazoiak asko dira, baina funtsezkoenak nazioarekin, frankismoarekin eta moral ultrakontserbadorearekin zerikusia dutenak dira. Espainiarrek euren nazionalismoa goratzen eta defendatzen dute irmoki, bandera bera musukatzera ere joanez koarteletara. Ez da hori larriena, kardinal batengan ohikoa ez bada ere. Okerrena da, eurena goresteko besteena zapaltzen edo gutxiesten dutela. Hainbestean, Espainiaren batasuna ondasun moraltzat jo nahi izan dutela, ez balitz euskal gotzaiek, beste batzuekin batera, aurre egin diotela ekimenari.

Roucok eta Cañizaresek hartutako erabaki bakar batek ez nau asetzen Koreakoek hartutakoak baino gehiago. Diferentzia agerikoa da: korearren ekintzek ez didate eragiten; espainiarrenak bai, tamalez. Ni ez naiz identifkatzen, katolikoa naizen aldetik, Espainiako Konferentziarekin. Nahi dudana da gure gotzaiek ahalegin etengabeak egin ditzatela Euskal Konferentzia sortzeko; eta ezinezkoa den bitartean euskal katolikoen defentsa sutsuagoa egin dezatela, esanaz gure autoritatea elizan beraiek direla, eta horien gainetik Aita Saindua. Ez beste inor.

Friday, July 14, 2006

Nire buruari galdezka

Eta galdetzen diot ia zergatik den errazago auzoko andrearekin berba egitea, nire emaztearekin baino. Eta galdetzen diot ia zergatik hobeto konpontzen naizen parkeko gainerako umeekin, nire seme-alabekin baino. Eta gehiago: ia zergatik nire lagunekin politikaz patxada handian hitz egin dezakedan, jakinda pentsamolde ideologiko guztietakoak direla, eta ez, ordea, nire irizkideekin.

Zenbat eta hurbiltasun gehiago izan gure unean-uneango solaskidearekin, hainbat eta berotasun eta konfiantza gutxiago sumatzen dut. Erruak, lehenengo eta behin, neure teilatuan jartzen ditut, erosoegia bailitzateke albora begiratzea kopeta iluna jarriz. Euskaldunen izaera al da? Hala diote askok: ez bada erdi hordituta euskaldunok ez garela gai jarrera irekirik adierazteko. Ez da hori nire iritzia. Aspaldi idatzi zidan lagun batek Parisetik, oso gutxi zihoazen garai haietan, han ere txakurrak oinutsik zebiltzala esanaz. Alegia: andaluziarrak katxondoagoak izango direla, bai; baina aurrez aurrekoan, ez beti.

Ez gaude hitz-asperturako prestatuta. Edo guztiz kontra: beti gaude jardunean. Nola liteke horren muturreko bi iritzi? Ez dakit. Nire pentsaera da, hala ere, behin eta berriroko liskarrak garamatzala eztabaidarako gaitasunik ez izatera. Kontraesana? Baliteke.